ArteaGaizkileen pikota
Harrizko zutabe bat eta lau luzapen horizontalez osatua. Erdi Arokoa da. Pikotaren definizioa: harrizko zutabea, non borreroek hildakoen buruak jartzen ziren, baita errudunak ere jendaurrean lotsagarri uzteko. “Pelleriques” ere esaten zitzaien pikotei Nafarroan. Pikotek burdinazko uztai bat izaten zuten eta harekin lepotik lotzen ziren alorretako lapurrak, jendearen aurrean lotsarazteko. Nafarroa guztian bi pikota besterik ez dira kontserbatzen, horietako bat Lakuntzakoa delarik. Pikotei buruzko informazio gehiago
San Salbador eliza Parrokiako etxean zenbait taila kontserbatu dira, horietatik aipagarriena San Sebastianen irudia, izen bereko baselizaren titularra. Berpizkundeko taila hau XVI. mendeko azken herenekoa da, Juan Beauveskoa anaiaren lana. Kalitate ona du eta bat dator irudigilearen ezaugarriekin: anatomiaren ikerketa zehatza; kanon luzeko gorputza, hatz meheko eskuak eta aurpegi fina, masail goratuekin. Jantzi bakarra garbitasun oihala du, ezkerreko hanka agerian uzten duena. Gainerako irudiak barrokoak dira, estilo herrikoian eginak. Batak San Agustin irudikatzen du eta besteak Ama Birjina Haurrarekin (Santa Juliana izenaz ezagutzen da). San Anton Abadearen baseliza Baseliza hau herriaren kanpoaldean dago, hilerriari atxikia, Aralar aldera. Ustez, baseliza dagoen tokian zegoen herria, aspaldi, oraingoa sortu arte, 1356. urteko birpopulaketaren ondorioz. Baseliza Lakuntzako jatorrizko parrokia izanen zen, seguruenik. Duela urte gutxi berritua, oinplano laukizuzena du eta hiru zatiko habearte bakarra, burualde zuzenarekin; egiturari dagokionez, garaiera ertaineko harrizko zutabeak ditu, harlanduxko hormetan tarteka paratuak. Estalkia zurezkoa da, bi isurkikoa, material bereko habeen gainean jarria. Barrengo aldea argitzeko leiho laukizuzen txikiak ditu, garaiera ezberdinetan eginak, hiru horma pikoan, beste hiru Epistolaren aldean eta bat burualdean. Kanpo aldea oso luzea du. Hormak harlanduxkoak dira, izkinetan harlandua dutenak eta koska bat inguru guztian. Hegoaldeko horman erdi-puntuko atea du, dobela erradialekin. Alde horretatik eta burualdetik hilerria dago, erantsia. San Sebastian baseliza Lakuntzatik ordu erdi batera, Arruazuko bidean, dago ermita hau, XVI. mendekoa izan daitekeena bertan dituen aztarna batzuengatik, garai horretakoak baitira. Oinplano laukizuzena du eta hiru zatiko habearte bakarra, burualde zuzenarekin. Barne aldea ilun samarra da. Lau leihok argitzen dute: horma pikoan bik eta Epistolaren aldean beste bik. Hegoaldean dago sartzeko atea, XVI. mendekoa, erdi-puntuko arku bat, erroska molduratua duena. Burualdean arkupe txiki bat dauka, harroin txiki batzuekin eratua eta atzeko aldean, berriz, egonlekua, apal samarra.
Organoa Parrokiako organoa bikaina da, adituen esanetan. Izan ere, Nafarroako Merituko Organoen katalogoan dago. 1840 ingurukoa da, barrokoaren eta erromantizismoaren arteko trantsizio garaikoa. Hernaniko Usabiaga anaien esanetan (haiek arduratu dira berritzeaz), soinu ederra izateaz gain baliabide bereziak ditu.
Arkitektura zibila Zelaian dago herria, eliza erdi-erdian duela, Herriko Plazaren izkina batean. Plaza eremu eder angeluzuzena da eta handik sortzen dira kale zabalak, guneari forma emanez. Kaleetan etxeak daude, bakartuak zein elkarri erantsiak; handiak dira eta batzuetan harlanduak dituzte fatxadetan; beste batzuetan, aldiz, zarpeatuak daude eta leiho inguruetan eta izkinetan harlanduak dituzte. Garaierari dagokionez bi solairu eta ganbara dituzte; ateak angelu zuzenekoak edo erdi-puntukoak eta estalkiak bi isurkikoak, zur landuzko hegal irtenekin. XVIII. eta XIX. mendeetakoak dira. |