KulturaLakuntzako Pertza 1966 urtean sortu zen Lakuntzako Pertza elkartea. Hurrengo urtean, 1967an, Lakuntzako Pertzaren festa urtero ospatzea erabaki zen. Gerora, egun horretan herriko zaharrak omentzea onetsi zen. Egun hori Aralarko Santutegian ospatzen zen, eta jendea astoz joaten zen bertaraino ohiko bidetik, aldean pertza eta odolkiak eramanda. Pertza erori zen tokian bertan gosaltzen zuten. Hala, duela hainbat urtetik galdua zegoen San Migel erromeria berreskuratu zen, baita abuztuko Ama Birjinaren egunaren ondoko igandean ospatzea erabaki ere. Goizean goiz abiatzen dira herritik oinez joaten direnak (beraiekin daramate astoa, pertza eta odolkiak). Elkarteak zaharrendako jartzen dituen autobusak, berriz, bederatziak aldean ateratzen dira. Eguraldiak laguntzen badu herritar asko bertaratzen da, Lakuntzako kaleak hustuta. Egun horretan ondoko herrietako lagun asko joaten da San Migelera, bai eta kanpoan bizi diren lakuntzarrak ere. Hamaikak aldera Meza Nagusia entzuten da. Meza ondoren, elkarteak odolkia, ogia eta ardoa banatzen dizkie bertaratutakoei. Festa handia egiten da: alkate dantza, sarien banaketa eta musika, nahi adina. 14:00ak aldera, “Guardetxe” izeneko zelaigunean, familia bakoitzak eta taldeek bazkaria prestatzen dute eramandako jakiekin eta elkartea bere gonbidatuez arduratzen da. Guztia giro alai, bero eta herrikoian. Musikarekin eta dantzekin amaitzen da eguna. Egun ederra benetan, herritarren arteko harremanak bultzatzeko primerakoa. Jendeak oso ongi pasatzen du eta pozik itzultzen da etxera. Alkate Dantza Alkate Dantza Lakuntzako berezko dantza da. Galdurik zegoen arren, 70ko hamarkadan berreskuratu zen. Ipuin Herrikoiak Azkuek bildutako ipuin herrikoiak: Ultzaman (Nafarroa) Lakuntzako mandazaina eta Lakuntzarren erizpena; eta Baraibarren (Nafarroa) jasotako Lakuntzarren pertza eta Lakuntzar bat eta gurdia. Euskal Abesti Herrikoia Etxeko Andre Giltzaria |