Hasiera » Albisteak » ZELAI BERRI FUTBOL ZELAIAREN MUSTUTZEA

Albisteak

2026/07/23

ZELAI BERRI FUTBOL ZELAIAREN MUSTUTZEA

 PRENTSA OHARRA

Lakuntzak larunbat honetan inauguratuko du Zelai Berri futbol zelaia, belar artifizial berriarekin

Lakuntzak larunbat honetan mustuko du berritutako Zelai Berri futbol zelaia, belar artifiziala jartzeko lanak amaitu ondoren. Eraberritze honi esker, urrats garrantzitsua eman da udalerriko kirol azpiegiturak hobetzeko bidean, herritarren eskura kirola egiteko espazio seguru, moderno eta kalitatezkoa jarriz, etorkizuneko beharrei erantzuteko prestatua.

Proiektuaren helburu nagusia Zelai Berri futbol zelaia egokitzea izan da, Lakuntzako eta inguruko haur eta gazteek kirol jarduera seguru, inklusibo eta kalitatezkoa garatzeko aukera izan dezaten. Era berean, Lagun Artea Kirol Elkartearen jarduerari jarraipena ematea eta etorkizuneko garapena bermatzea ere izan da xedea.

Egindako lanek segurtasun-arazo bati ere irtenbidea eman diote. Futbol jarduera guztia Zelai Berrin biltzeak Itxesalde futbol zelaia ixtea ahalbidetuko du, eta, ondorioz, jokalariek, familiek eta gainerako erabiltzaileek entrenamenduetara eta partidetara joateko NA-2410 errepidea gurutzatu behar izateak zekarren arriskua desagertuko da.

Era berean, futbol jarduera instalazio bakar batean zentralizatzeak mantentze-lanak erraztuko ditu eta baliabide publikoen kudeaketa optimizatuko du. Horrez gain, udal igerilekuen ingurua Lakuntzako kirol-gune nagusi gisa sendotuko da. Bertan bilduko dira Zelai Berri futbol zelaia, Sakana pilotalekua, igerilekuak, aldagelak eta erabilera anitzeko aretoak; horrek oinezkoen eta motorrik gabeko ibilgailuen irisgarritasuna hobetuko du, eta udal kirol instalazioen kudeaketa eraginkorragoa egitea ahalbidetuko du.

Obrak Eskala Ingeniaritza enpresaren zuzendaritza teknikopean egin dira. Obra zibila Construcciones Irumendi enpresak gauzatu du, eta belar artifizialaren instalazioa FieldTurf enpresaren ardura izan da. Futbol zelai berriak azken belaunaldiko belar artifizialeko sistema du: dentsitate handiko polietilenozko zuntzez osatua, artozko betegarri organikoarekin eta silize-harearekin. Horrela, kautxuzko betegarria baztertu da, ingurumenaren ikuspegitik jasangarriagoa den irtenbide baten alde eginez.

Azken inbertsioa 482.637,38 eurokoa izan da, hasieran aurreikusitako aurrekontua baino %5 handiagoa. Igoera hori obrak egiten ari zirela txertatutako hainbat hobekuntzaren ondorio izan da; besteak beste, ate berriak jartzea, Zelai Berri eta Sakana pilotalekuaren arteko eremuan belarra jartzea, hormatxo berriak eraikitzea eta zelaiaren inguruko zenbait gune hormigoiztatzea.

Horiez gain, Lagun Artea Kirol Elkarteak ekarpen garrantzitsua egin du auzolanaren eta baliabide propioen bidez. Herritar askoren borondatezko lanari esker, hainbat hobekuntza gauzatu dira, hala nola argiteria LED teknologiara egokitzea, hegoaldeko harmaila enkofratu eta hormigoiztatzea, perimetroko hesiak berritzea, Sakana pilotalekuaren inguruan babes-sareak jartzea eta instalazio osoa hobetzen lagundu duten bestelako lan osagarriak egitea.

Inbertsioaren laburpena

  • 1. lotea (obra zibila): 166.643,15 €
  • 2. lotea (belar artifiziala eta kirol ekipamendua): 290.898,73 €
  • Proiektuaren idazketa eta obra zuzendaritza: 25.095,50 €
  • Guztira: 482.637,38 €

Proiektu hau erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetzari esker gauzatu ahal izan da. Bereziki azpimarratzekoa da Sakana Coop.-ek egindako 145.000 euroko ekarpena, baita Nafarroako Gobernuko Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak emandako 160.000 euroko dirulaguntza ere. Lakuntzako Udalaren ekarpena 154.652,65 eurokoa izan da.

Proiektu hau amaitzeak mugarri garrantzitsua dakar Lakuntzako eta Sakanako kirolarentzat. Zelai berriak urte osoan zehar futbol jarduera baldintza ezin hobeetan garatzeko aukera emango du, erabiltzaileen segurtasuna handituko du eta etorkizuneko belaunaldientzat kirol azpiegitura moderno, irisgarri eta kalitatezkoa eskainiko du.

Inaugurazio ekitaldia

Zelai Berri futbol zelaiaren mustutze ofiziala uztailaren 25ean, larunbatean, 11:00etan izango da, instalazioetan bertan. Ekitaldia herritar guztiei irekita egongo da, eta musika, futbol partida eta hainbat jarduera izango dira kirol azpiegitura berriaren irekiera ospatzeko.

Ekitaldian Sakana Coop.-eko ordezkariak ere izango dira, haien laguntza funtsezkoa izan baita proiektua gauzatzeko. Haiekin batera, Lakuntzako Udaleko, Lagun Artea Kirol Elkarteko eta obran parte hartu duten enpresa eta erakundeetako ordezkariak ere bertan izango dira.

Lakuntzako Udalak eta Lagun Artea Kirol Elkarteak herritar guztiak gonbidatzen dituzte ekitaldian parte hartzera. Era berean, eskerrik beroenak eman nahi dizkiete proiektu hau posible egin duten pertsona, erakunde, enpresa eta boluntario guztiei. Guztien elkarlanari esker, Lakuntzak etorkizuneko belaunaldien zerbitzura egongo den kirol azpiegitura berria izango du.

Prentsa oharra.pdf

Web Mapa | Lege Oharra | Pribatutasun Politika | Cookie-en Politika | Cookie-en panela | Aldor Internet web garapena