Hasiera » San Saastin Udal Musika Eskola

San Saastin Udal Musika Eskola

Lakuntzako Udalaren Musika Eskola guraso talde txiki baten ekimenez sortu zen. Izan ere, guraso horiek Altsasuko musika eskolara eraman behar izaten zituzten seme-alabak musika-ikasketak egitera eta horrek eragozpen asko ekartzen zizkien: errepidez egin beharreko joan-etorri ugari—artean ez zegoen autobiarik—, haurrak eraman eta ekartzeko bidaiak antolatu beharra, zain ematen zuten denbora eta beste hainbat arazo. Horrek guztiak asko bizkortu zuen Lakuntzako musika eskola sortzeko prozesua.

Gurasoekin hainbat bilera egin (gure proiektuan sartzeko animatzeko) eta zenbait erakunderekin harremanetan jarri ondoren, gure helburua erdiesteko bide egokian geundela ohartu ginen.

Horrela, 87/88 ikasturtean, Altsasura zihoazen 13 haurrei ( eskusoinua jotzen eta solfeo dezente zekiten ), Lakuntzan hasi berriak ziren beste 38 bildu zitzaizkien. Bagenuen Nafarroako Gobernuaren onespena eta Barañaingo eskolaren mendekoak ginen.

Irakasle berriak sartu ziren eskolan eta musika-tresna gehiago ematen hasi ziren (gitarra eta pianoa) eta hiru hiletik behin, Barañaingo Luis Morondo musika eskolaren azterketa egin behar izaten genuen. Ondoren, ekainean edo irailean, ikasturte bukaerako azterketa beldurgarriak iristen ziren. Ahaztezinak dira ikasleentzat han pasatutako nerbioak eta azterketara sartu aurreko orduetan bizitako tentsioa, oharturik ikasturte guztiko lana hamar minutuan jokatzen zutela. Eta gurasoek beste horrenbeste pairatzen zuten, isilik eramaten bazuten ere.

LOGSE legearen etorrerarekin, eskola erakunde aske eta autonomo bilakatu zen, Barañaingo musika eskolarekiko menpekotasuna hautsiz. Hartara, lege berriaren betebeharretara egokitu behar izan genuen eta Lakuntzako Musika Eskolaren Plana eratu genuen. 

Ahalegina handia izan zen. Horregatik, eskerrak ematen dizkiogu Udalari, guraso saiatu eta arduratsuei, urte hauetan gure eskolan irakasle aritutakoei eta, jakina, ikasleei.  Udalari, proiektuan konfiantza izateagatik eta laguntza emateagatik. Gurasoei, oztopoak oztopo, proiektua bideragarria zelako usteari eutsi ziotelako beti. Irakasleei, lakuntzarren pausoak musikan gozotasunez eta gogoz bideratzeagatik. Eta azkenik, ikasleei. Izan ere, oso pozgarria da jakitea horietako batzuk Kontserbatorioko ikasketak amaitu dituztela. Aldiz, beste batzuek bidean utzi dituzte ikasketak, musikak eskatzen dituen lanarekin eta nekearekin gogaiturik. Nolanahi ere, herritarrek musika ikasteko duten gogoa inoiz baino biziago dago gure herrian, ondorengo datuek erakusten duten bezala: 

2001/2002 ikasturtean musika-tresna berriak ematen hasi ziren, txistua, tronpeta eta perkusioa. Musika-tresna horiei, lehendik zeudenak gehitu ondoren ( soinua, gitarra eta pianoa ) asko igo zen kontzertuen maila. Ikasle txikienek, 3 eta 6 urte bitartekoek, Musika eta Mugimendua ikasgaiaren bitartez musika barneratzen dute ia ohartu gabe.

Urteak aurrera egin ahala hainbat aldaketa sartu ditugu, eskola gureago bat lortzeko. Esate baterako,  logotipoak kolore asko ditu, eskola bizia eta proiektuz beterik dagoela esan nahi baitu. Bestalde, gure eskolaren izena, San Saastin, erabat loturik dago Lakuntzarekin, San Sebastian baita herriko zaindaria. Hezkuntza eta Kultura Departamentuko kontseilariak eskolaren izena aldatzeko baimena eman zuen  maiatzaren 20ko 203/2003 Foru Dekretuaren bidez, eta harrezkero, eskolaren izen ofiziala “San Saastin“ Udal Musika Eskola da.

Egun 100 ikasletik gora daude matrikulatuta eskolan, udan indarberritu eta gogotsu itzultzen direnak, bidean aurkitzen dituzten oztopoei aurre egiteko prest. 

Beste eskola asko bezala —gurea ez da salbuespena— ikaslearen garapen musikala eta pertsonala lantzen saiatzen da, errealitate kulturala hobetuko duten sentsibilitatea, sormena eta interesa sustatuz. Nolanahi ere, gure ustez, prestatzen ari diren pertsonekin ari garela lanean argi izatea da garrantzitsuena eta barneratzen ari diren jakinduriaz gain, haurrentzat (eta guretzat ) oso aberasgarria dela kontuan izatea. Izan ere, musika-tresna bat ikasteak norberaren izaera osatzen dituzten beste hainbat baliabide ematen dizkio haurrari, besteak beste: hobetzeko gogoa, norberaren gaitasuna komunikatzeko, sakrifizioa, etengabeko lana… eta horiek guztiak oso probetxugarriak izanen dira ikasi beharko duten irakasgairik zailenerako, hau da, bizitzarako.

 

 

Web Mapa | Lege Oharra | Pribatutasun Politika | Cookie-en Politika | Cookie-en panela | Aldor Internet web garapena