Albisteak2025/09/02HERRI GALDEKETA: ZELAI BERRI BELAR ARTIFIZIALEKOA?
ZELAI-BERRI BELAR ARTIFIZIALEKOA BIHURTZEKO PROIEKTUA
Lakuntzako Udala eta Lagun Artea Kluba elkarlanean, ZELAI-BERRI belar artifizialeko zelaia bihurtzeko proiektuaren proposamena lantzen dihardugu. Lakuntzar guztiekin partekatu nahi dugu proposamena.
Aurrekariak:
Lagun Artea Kluba, historia luzea duen kirol taldea da. Egun, bi futbol zelaietan eramaten du aurrera bere jarduera guztia, Itxesalde eta Zelai Berrin. Lagapen hitzarmen baten bidez Lagun Artea da instalazio hauen mantenua egiten duena.
Lagun Arteak urte batzuk daramazki belar artifizialeko zelaia egitearen proposamena aztertzen, eguneroko jarduera ahalik eta modu egoki eta eraginkorrenean egin ahal izateko:
· Azken urteetan fitxa kopurua igotzen joan da. 2025/2026 denboraldirako 9 taldetan banatutako 203 jokalari izango ditu klubak.
· Jarduera nagusiena Itxesalde futbol zelaian eramaten da aurrera, Zelai Berri belar naturaleko zelaiak ezingo lukeelako hainbesteko jarduera jasan baldintzak egokiak mantenduz (mantentze-lan neketsuak eta garestiak belar naturalak behar dituen etengabeko zainketengatik, erabilera intentsiboagatiko narriadura, baldintza klimatikoak direla eta, beharrezkoa da denboraldian zehar zelaia ixtea entrenamenduetarako, ez hondatzeko, eta erabilera mugatuta geratzen da).
· Itxesaldeko futbol zelaiko instalakuntzak oso egoera kaxkarrean daude (argiteria, aldagelak, galdara,…). Honetaz gain, NA-2410 bideberria oinezkoek gurutzatu ahal izateko neurriak jartzeko egindako eskaerek ez dute erantzunik izan eta ondorioz ez dago oinezkoentzat egokitua, honek dakarren balizko arriskuarekin.
Zein da proposamen orokorra?
Zelai Berri belar artifizialeko zelaian bihurtuta, futbolaren praktika guztia bertan burutzea litzateke asmoa. Modu honetan, Itxesaldeko futbol zelaiaren itxiera eratorriko litzateke, trafiko segurtasunaren arriskua ekidin eta soilik instalakuntza bakar baten mantenua eginez. Horretaz gain, kirol-praktika ezberdinak burutu ahal izateko eremua igerileku inguruan zentralizatuko litzateke (Zelai Berri, Sakana pilotalekua, igerilekuak, erabilera anitzetako gelak eta beharrezko azpiegitura guztiekin, saneamendua, argiteria publikoa, aldagelak,…). Kirol eremu honek oinezkoentzat irisgarritasun segurua izango luke, haur, gazte zein pertsona helduentzat. Bide batez, Lagun Artea Klubak aurrera eramaten duten lakuntzarren borondatezko lanaren murrizketa ekarriko luke ere.
Zein da proposamen zehatza?
Egitea planteatzen diren lanak:
· Berdegunetik lur-geruza kentzea.
· Drenatze-sistema berrikustea, berreskuratzea eta egokitzea.
· Azpi oinarria sortzea, E1 motako zabaldegia bermatuta.
· Ureztatze instalazio berria egitea.
· Belar artifiziala ezartzea.
Ezarriko litzatekeen belar sintetikoa: Proposatutako sistemak lurrazaleko uren drenatze eraginkorra bermatzen du, hustuketa bertikalaren bidez, eta dentsitate handiko polietilenozko zuntzen konbinazio batek osatzen du, egungo kirol-eskakizunak betetzeko egokituta. Arto-betegarri organikoz eta silize-harea lastatuz ezarritakoa litzateke, kautxuaren erabilera batertuz. Sistemak jokalarien segurtasuna eta gainazalaren iraunkortasuna bermatzen ditu.
KOSTUA
1. LOTEA: 130.413,86 €
AURREIKUSITAKO FINANTZIAZIOA:
· Nafar Gobernuko dirulaguntza: 160.000 €
· Finantzazioa pribatua: 120.000 €
· Udala aurrekontuetako funtsak: 157.269,57 €
BERREZARPENA:
Zelai artifizialek 10 eta 15 urte bitarteko bizitza erabilgarria dutela jakinik (kalitatearen, erabileraren eta meteorologiaren arabera), eta horiek ordezkatzeak duten kostua aintzat hartuta, Lagun Artea Klubarekin etorkizuneko inbertsio hori ko-finantzatzeko hainbat formula aztertzen ari gara. FUTBOL ZELAIA BELAR ARTIFIZIALA - PROIEKTUA
|