Hasiera » Lakuntzako Antzinako Azoka

Lakuntzako Antzinako Azoka

 Aurrekariak

          Aitzinean, Sakanako herriek urteroko feriak egin aurretik, Aralarko San Migel santutegiaren inguruetan feria bat egiten zen, eta hara eramaten zen Aralarko Elkarteko herrietako ganadua.  

          Maiatzeko egun batean, Igokunde egunaren hurrengo larunbatean, lakuntzarrak  San Migelera joaten ziren; egun horri “Amaletari” izena ematen zitzaion, eta bazkaria aurreko egunean prestatu eta  batera eramaten zen.  

                Batzuetan, ganadu feriaren bat ere egiten zen.   1324. urtean, jada, hainbat idazkitan aipatzen da merioa jende armatuarekin joaten zela bertaratutakok defendatzera, gerta zitezkeen azienda-lapurretak ekiditeko asmoz.  1765. urtean, independentzia gerraren ostean,  urtero egiten zen feria bertan behera uztekotan egon ziren ibarra bizitzen ari zen egoera larriagatik.

  Feriak     

             Lakuntzan, garai batean, ganadu feria iraileko leheda biziko igandean hasten zen. Bi egun irauten zuen, igandea eta astelehena, eta hurrengo egunetik aurrera herriko festak ospatzen ziren. Ganadu ferian, izenak berak adierazten duen bezala, ganaduaren salerosketa izaten zen (zaldiak, ardiak, ahuntzak eta nekazaritza lurrak lantzeko idiak); ez zen lehiaketarik egiten, lehiaketak geroago hasi baitziren.  

              Ondoren, industrializazioak eta nekazaritzaren desagerpenak  abeltzainen kopurua behera egitea ekarri zuten,  eta tradizioa galdu zen.    Horregatik, feriak festak izatera pasa ziren, eta “Lakuntzako Pertza” festaren ondorengo igandean hasi ziren ospatzen.

   1930. urtetik aurrera baditugu hainbat datu feriei buruz, eta horiei esker jakin dezakegu nola bizitzen ziren feriak gure herrian.   

                Egun biltokia dagoen tokian egiten ziren, elizaren atzeko aldean, zuhaizti txiki bat zuen eremu zabal batean.  Tratulari ugari etortzen zen, euren atorra bereziak jantzita, bai eta era guztietako abelburuak zekartzaten baserritarrak ere, batzuk gurdia eta guzti.  

          Uda garaian, ganadua Aralar aldean egoten zen (Algorrin, Albian, Mugerdin…). Lakuntzako abelburuei L letra ipintzen zitzaien, Ramon Andueza errementariak egina.  


    Feriak baino lehen, sutarako egurra ekartzen zen behi edo idi gurdietan, gehienetan Arangunetik.   Ikatza ere ekartzen zen, han ikaztegi bat baitzegoen.  

Festa giroa

               Beti bi edo hiru koadrilla kalejiran ibiltzen ziren akordiolariek lagunduta, haien artean, Cesar Miranda eta Juan Ganboa.  Atorra tipikoak janzten zituzten, alegia, atorra marradunak edo beltzak.        

              Zurrakapotea prestatzen zen “base” bezala erabiltzen zen bordaren batean, eta, inoiz edo behin, koltxoi hobeago baten faltan, belar gainean lo egiten zuten.

     Ohetik jaiki eta gero, dianak izaten ziren kaleetan zehar, eta hamaiketakorako tripota jaten zen (garai hartan ardia jateko gozo-gozoa zen).  

               Iruñeko eta Tolosako bandak etortzen ziren, eta garaiko musika jotzen zuten, dantza lotuak, batez ere. Agertokia frontoian bertan jartzen zen (garai hartan elizaren aurreko aldean zegoen) edota udaletxeko sarreraren ondoan. Auzolanean egiten zen.

           Herriko bentan (oraingo udaletxeko beheko solairua) afariak ematen ziren, bai eta “Txuriko etxean” edo “Silvestre etxean” ere.  

               Plazan bertan, gozokiak, festa-txanoak eta horrelakoak saltzeko saltokiak jartzen ziren, eta barkilleroak barkilloak eta izozkiak saltzen zituen.  

    Musikaz gain, honako jarduera hauek izaten ziren:  Pilota partidak: Gartziandia anaiak, Pedro Etxarri, Pedro Zubillaga, Satur Ureta, etab.

  Aizkolariak:  Gabriel Andueza, Miguel Olasagarre eta Bernardo Razkin.

 Txirrindularitza probak: feria guztietan proba bat egiten zen, eta Nafarroako txirrindulari hoberenak  etortzen ziren (Mutxitu, etab.).  Urte batean, Lakuntzako sei lagunek parte hartu zuten, baina horietatik bik baino ez zuten ibilbidea bukatu, oso gogorra baitzen (Lizarragako katea, esate baterako).  

 Krosa: bi edo hiru bueltako ibilbidea herrian zehar. Korrikalarien artean, Carlos Gartziandia nagusitzen zen.  

 Borroka librea: urtetan oso arrakastatsua izan zen. Larrainean ring bat prestatzen zen, eta Paco eta Vitorio Otxoa, Bengoetxea etab. etortzen ziren.

 Oilar jokoa: gainerako herrietan bezala, Lakuntzan ere oilar jokoa antolatzen zen.   

           Lakuntzan tradizio handia izan zuen aitzinean. 1930. urteko argazki bat dugu, eta hartan argi ikusten dira jokoa eta garaiko jantziak. Oilarrari lepoa moztu behar ziona pottoka baten gainera igotzen zen, eta oilarra horretarako propio egindako zurezko egitura bati lotzen zitzaion soka batez.  

       
            50eko hamarkadatik aurrera, txikiei begiak tapatu eta haiek bakarrik jotzen ahal zioten zintzilikatuta zegoen oilarrari. Esaten dutenaren arabera, “ zorionez, gutxik lortzen zuten oilarra jotzea ”.  Handik urte batzuetara, Lakuntzan aldaketa eman zen, eta ohitura hura desagertu zen; festa egitarauetan ohikoak diren gainerako jarduerek, berriz, bere horretan diraute Lakuntzako festetan ere.  

Web Mapa | Lege Oharra | Datuak Babesteko Politika | Aldor Internet web garapena