Hasiera » Historia

Historia

Historia

Lakuntzako udal-barrutian badira zenbait trikuharri. Erdi Aroan harbide bat zegoen, seguruenik Araketilanien lurraldea zeharkatzen zuen bide erromatarra, ondoren erromesek Done Jakuera joateko baliatu ohi zutena.

1350. urtean honako hauek zeuden Aranatz ibarrean: Lakuntza (13 auzo-su), Aldaba (10), Arrospide (9) eta Etxarri. Azken hau 1312. urtean sortu zuen Erresumako gobernadoreak, gaizkileen erasoetatik babesteko.  

Karlos II.a tronura iritsi berria zela, Luis infanteak Lakuntzako bizilagunak Etxarrira bizitzera joateko agindua eman zuen (1351. urtea). Hala ere, neurriak kalte larriak eragin zituen, herria hutsik baitzegoen abere-lapurrak bertatik pasa zirenean. Geroago, infanteak herria bisitatu zuen eta Etxarri uzteko eta Lakuntzara itzultzeko agindu zien lakuntzarrei. Halaber, Aldabako eta Illarrazuko lurrak gehitu zizkion Lakuntzari; Arrospide, berriz, bi herrien partzuergo gisa gelditu zen.  

Karlos Gaiztoa Erregeak Aldabako lurrengatik ordaindu beharreko zergetatik salbuetsi zituen auzokideak eta etxarriarrek zituzten pribilegio eta foru berberak eman zizkien. Hala, ahalmena eman zien herriaren agintea auzo-kontzejuak proposatu eta Erregeak izendatutako alkatearen eta almirantearen esku uzteko. 

Gerora eraiki zuten parrokiako eliza gotikoa. Herriaren erdigunean kokatu zuten, herriko bi etxe errenkada nagusiek banatzen duten gune zabalean. 

Hiribildutasun titulua eta Gorte Nagusietan eserlekua lortu zituen Lakuntzak. Halaber, Hiri Prestua eta Leiala titulua du. Aralar, Andia, Urbasa eta Entziako larreetan aziendak bazkatzeko eskubidea ere izan  zuen "bostena" izeneko zerga ordaindu behar izan gabe. 1506. urtean Erregearen prokuradoreak zalantzan jarri zuen aipatutako eskubidea eta auzitara eraman zuen gaia. Lakuntzarrek irabazi zuten auzia.

1860ko Nafarroako Izendegiak honakoak aipatzen ditu: errota, teileria eta  hiru baseliza, hain zuzen Magdalena (garai hartan ez zen erabiltzen), San Anton eta San Sebastian. Egun, bi kontserbatzen dira: San Antonio Abadearena, herriaren kanpoaldean dagoena eta kanposantua atxikia duena; eta San Sebastian, Aldaba izeneko herrixka izandakoan kokatua. Maria Magdalena baselizako materialak beste eraikin batzuetan erabili ziren XX. mendearen hasieran. Ordurako deusezturik zeuden baseliza hauek: San Julian Arrospidekoa (edo Elizandia) eta San Emeterio eta San Zeledonio, Illarrazu herri hustukoa. San Julian Arrospidekoaren harriak parrokia egiteko erabili ziren (1603-1625). San Zeledonio baseliza, 1625. urtean zaharberritua, Aralar aldeko beheko mendian zegoen, Emeteri izeneko muinoan. 

Lakuntzak 827 biztanle zituen 1860. urtean; 1930ean, berriz, 647. 1960ko hamarkadatik aurrera, industriaren gorakadari esker, biztanleria hazi eta 1981ean 1.035 biztanle izatera iritsi zen.

Web Mapa | Lege Oharra | Datuak Babesteko Politika | Aldor Internet web garapena